gure herria

2009ko apirilaren 1ean Etxarri Aranazko biztanle kopurua 2519pertsonetakoa da. Adinaren arabera biztanleri banaketa ondorengoa da:

Etxarri Aranatz herria Ertarotik datorkigu, Agurain eta Lazkaoko jauntxoen lapurreta eta harrapaketaren kontrako babesleku eta defentsa moduan eraikia izan zelarik. XIII. mendearen hasieran Antso VII.ak Arañaz lurraldeari forua eman zion eta 1251. urtean Teobaldo I.ak eliza eta dorrea Arañazeko biztanleei utzi zien urteko 600 sueldoren truke.

XIII. eta XIV. mendeetan Arakil ibaiaren ibarrak zirrara latza jasan zuen. 1199an Gaztelako Alfontso VIII.ak Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituen, gure ibarretik oso hurbil. Ordurarte ezezaguna zen muga ezarri zuen eta mugarekin batera lapurreta eta harrapaketa nagusitu ziren bertako jendearen ekonomiari kalte izugarria eginez.

Hau dela eta, Nafarroako erregeek, biztanlegoa muga ondoko lurralde honetan gera zedin, foru eta beste laguntza batzuk eskainiko dizkiote, defentsarako sistemak eraikiaz, hala nola Etxarri Aranazkoa, non 1312an bilduko baita Arañaz lurraldeko herrietako jenderik gehien, herri horiek despopulatu edo hustuak geldituz: Adia (Lizarraga), Aldaba, Araña, Arrozpide, Artola, Egiarreta, Elbegia, Elkorri, Erdozia, Lazkoz, Urkizu, Nenau, Mundiñano, Ondaz, Maiza, Mugarretxe, Illarrazugoikoa, Orgaoizua, Sarria (Lizarragabengoa).

Horrela bada, 1312an, Luis I. Hutin-en (Frantziako Luis X.a) erregegoan Nafarroako Gobernadorea zen Enguerrand de Villiers-ek herri-karta eman zion Etxarri Aranatzi.

1351an, Karlos I.ak pribilegio berriekin osatu zuen karta hori, eta lazkaotarrengandik babesteko harresia eraikitzeari ekin zion. Baina 1378an, Gaztelakoek herria hartu zuten harresia eta guzti. 1442ko pribilegioaren arabera, Nafarroako Gorteetara joateko eskubidea zuen, eta hala eskatu zuen XVI. mendean ere.

1834ko apirilaren 22an, Agabian, Etxarri eta Bakaikuren artean, Zumalakarregik Moncayo-ko Markesaren armada garaitu zuen, eta hurrengo urteko martxoan, giristinoen eskuetan zegoenean, setiatu eta hartu zuen Etxarri Aranatz.

1977ko urtarrilaren 16an, Amnistia, Foruak eta Helebitasuna lemapean, Euskal Herriko alkateak deituak izan ziren Etxarri Aranatzera eta baita aldarrikatu ere eskakizun horiek, Francoren poliziak (garaiko “grisak”, ordurarte soilik hirietan aritzen zirenak) herria erabat hartuz oztopatu eta ekidin bazuen ere Euskal Herriko alkateak bertaratzea.

Herriaren izena dator: Etxarri (etxe + harri), harresia eta guzti, “kaxarna” barruan zuela (“baluarte, fortaleza”).

Nola sortu ziren festa egunak: Badirudi hasiera batean herriko festak abuztuaren 15ean izaten zirela eta, beranduago, udazkenean aziendak etxeratu eta soro lanak bukatuta, Etxarri Aranatzen festak urrira pasatu zirela. Herri osoa jai giroan murgiltzen zen, baina hamarkadak eta urteak pasa ahala, jendea lantegietan hasi zen lanean eta, orduan, asteburuan bai, baina astez jende gutxi ibiltzen zen festetan, giro eskasa egoten zen eta horrexegatik, festak urritik aldatzeko, 1980. urtean herri galdeketa egin zen Etxarriko festak abuztuaren lehenengo igandera aldatuz.

2000. urteko otsailaren 6an Etxarri Aranatzen Herri Kontsulta bat egin zen festak abuztuaren lehenengo egunetara pasatzeko asmoz. Emaitzen arabera, festak abuztuaren 1etik hurbilen dagoen asteburuan ospatzen dira.

Eliza: Jasokundearen eliza, XVI. mendearen bigarren erdialdian eraiki zen. Harriz egindako eliza hau gotiko estilokoa da.